Kate trofiko

Elikagai-kate terminoak artikulu honetara dakar. Termino berdinarekin elikagaien ekoizpena eta banaketa gaitzat duena beste hau da: Elikagai-kate (ekoizpena eta banaketa)

Kate trofikoa (grezieratik: thophe, «elikadura»), elikakatea edo elikadura katea elikadura sare batean diren loturen sekuentzia lineala da, sareko beste espezierik jaten ez duen espezie batetik hasi eta sareko beste inork jaten ez duen espezieraino iristen dena. Espezie horietako bakoitza bere aurreko organismoaz elikatzen da; eta, era berean, hurrengoaren elikagaia da [1]. Ekosistema bateko espezieen artean nutrizioari loturik dagoen energia eta elikagaien korrontea dela ere esan daiteke [2].

Maila trofikoakaldatu

Lur eta itsasoko kate trofikoen ereduak

1. Kate bakoitza landare batekin, ekoizle edota organismo autotrofo batekin hasten da. Hauek norbere produktuak sortzen ditu gai organikoak inorganikoetatik sintetizatzen, fotosintesi izeneko prozesuaren bidez. Sintetizazio honen lehengaia edo energia ekoizlea eguzkiaren argia da.

2. Katearen beste osagai edo kideei kontsumitzaileak deitzen zaie. Izan ere, ekoizletik elikatzen direnak lehen mailako kontsumitzaileak dira, eta aldi berean, lehen mailakoetatik elikatzen direnak bigarren mailako kontsumitzaileak deritze eta horrela elkarren segidan. Beraz, lehen mailako kontsumitzaileak belarjaleak dira eta bigarren eta hirugarren mailakoak haragijaleak.

3. Beste azken maila bat ere badago, deskonposatzaileena. Azken hauek, organismo hilen gain eragiten dute, materia organikoa degradatuz eta hau berriro materia inorganikoa eratuz. Bakterioak eta onddoak dira deskonposatzaile gehienak. Materia inorganiko hau (nitratoak, nitritoak, ura, etb.) lurrera eta (karbono dioxidoa) atmosferara bueltatuz.

Ekosistema trofiko baten maila trofikoakaldatu

Beraz, biozenosi edo komunitate biologiko batean elementu trofiko hauek daude:

  • Ekoizleak, autotrofoak, eguzkiko energia erabiltzen dute (fotosintesia) edo erreakzio mineral kimikoen bidez (kimiosintesia). Hauek beharrezko energia lortzen dute materia inorganikoa materia organikoan eraldatzen. Organismo ekoizle nagusiak landareak dira.
  • Kontsumitzaileak, heterotrofoak, beraien jakiak ekoizten dituzte materia organikotik baliatuz.
  • Espezie kontsumitzaileak, modalitatearen baliabideen arabera, izan daitezke:
  • Harrapariak eta deskoreatzaileak. Beraien presen gorputza, osorik edo zatika, iresten duten organismoak dira. Jarduera honi harrapaketa deitzen zaio. Baina izen hori normalki haragijaleen artean bakarrik erabili ohi da, hau da, bigarren mailako kontsumitzaileean artean (aurretik aipatu bezala)
  • Deskonposatzaileak. Mota askotako daude. bakterioek eta onddoek, adibidez, hondakin organikoak deskonposatzen dituzte, substantzia inorganikoak sortuz. Protista eta animalia txiki batzuk (zizareak edo euliak, esaterako) detritiboroak dira, hots, usteltzen ari diren hondakin organikoak jaten dituzte. Azkenik, animalia handiago batzuk sarraskijaleak dira, hildako animaliez elikatzen baitira (saiak, hienak...)
  • Parasitoak eta bazkalkideak Bizkarroiek, harraparien aldean, ez dituzte eskuarki jaten dituzten animaliak hiltzen. Bizkarroiak edo parasitoak harraparien harrapakinak ere izan daitezke: belarjale batzuen parasitoak irensten dituzte animalia haragijaleek, belarjale horiek jaten dituztenean.
  • Organismoen arteko maila trofiko gorena aztertzen badugu, honi transferentzia ordena bat ezartzen zaio katearen arabera:
  • Lehen mailako kontsumitzaileak, belarjaleak. Heterotrofoak dira. Organismo ekoizleak (landareak) jaten dituzte. Animalia handiak dira horietako asko (behiak, ardiak, zaldiak, ahuntzak...), baina baita intsektuak daude talde hontan ere (erleak, landare-zorriak, akaroak...)
  • Bigarren mailako kontsumitzaileak, zoofagoak edo haragijaleak, lehen mailako kontsumitzaileez elikatzen direnak. Baina ez bakarrik belarjaleez, baita hauen bizkarroiez ere. Heterotrofoak dira hauek ere.
  • Hirugarren mailako kontsumitzaileak: bigarren mailako kontsumitzaileak daude hauen elikadura-iturrian. Kontsumitzaile mota hauei super-harrapariak ere deitzen zaie. Animalia ehiztari handiak daude talde honetan: felido handiak (tigreak, lehoiak), hegazti harrapari handiak, etab. Animala mota hauek betidanik izan dira mehatxua gizakiarentzat.

Piramide trofikoaaldatu

Energiaren piramide trofikoa

Askotan kate trofikoetan parte hartzen duten elementuak (ekoizleak, lehen mailako kontsumitzaileak, bigarren mailako kontsumitzaileak, etab.) irudikatzeko piramide bat erabiltzen da. Piramide horren oinarrian organismo ekoizleak daude, hots, landareak. Hauen gainetik lehen mailako kontsumitzaileak, eta gero bigarren mailakoak. Hirugarren mailako kontsumitzaileak, ehiztari handiak alegia, piramide goiko aldean daude [3]

Piramide trofikoek biomasa edo energia-fluxua irudikatu dezakete. Adibidez, maila trofiko desberdinen energia laukizuzen moduan adieraztean (bata bestearen gainean jarriz)

Energiaren piramideetan kontuan hartu behar da maila trofiko batean pilatutako energiaren zati txiki bat besterik ez dela pasatzen hurrengo mailara. Hori gertatzen da organismoek energia horren zati handi bat gastatzen dutelako euren bizi-prozesuak burutu ahal izateko. Gutxi gorabehera, energiaren %10 pasatzen da maila trofiko batetik hurrengora. Hots, belarrak fotosintesiaren bidez eguzkitik hartzen duen energiaren hamarrena pasatzen da animalien belarjaleen ehunetara. Eta hauen energiaren beste %10 soilik pasatzen da animalia belarjale horiek jaten dituzten haragijaleengana. Horrenbestez, zenbat eta maila trofiko gehiago egon ekoizle eta kontsumitzailearen artean, orduan eta jatorrizko energiaren kopuru txikiagoa geratuko da [4]

Energia eta maila trofikoen arteko erlazioaaldatu

Organismo bat elikatzen den eta jaten duten faseen segida horretan, energia, hala, nibel trofiko batetik bestera igarotzen da. Landare berdeek edo fotosintesia erabiltzen duten beste organismoek eguzki-energia erabiltzen dute karbohidratoak sortzeko beren beharretarako. Energia kimiko horren zatirik handiena metabolismoan prozesatzen da, eta, arnasaldian, bero gisa galtzen da. Landareek, gainerako energia, biomasa bihurtzen dute, lur gainean egur eta belar ehun gisa eta lur azpian sustrai gisa. Azkenik, biltegiratutako energia den material hori larre-belarjaleak, deskonposatzaileak eta detritu-elikatzaileak biltzen dituen bigarren nibel trofikora pasatzen da.

Bigarren nibel trofikoan asimilatutako energia gehiena, arnasaldian, bero moduan, berriro galtzen den arren, zati bat biomasa bihurtzen da. Nibel trofiko bakoitzean, organismoek jasotzen dutena baino energia gutxiago bihurtzen dute biomasa. Beraz, zenbat eta urrats gehiago eman ekoizlearen eta azken kontsumitzailearen artean, orduan eta energia gutxiago geratzen da eskuragarri.

Elika-sare batean, gutxitan daude lau maila edo bost nibel baino gehiago. Denborarekin, nibel trofikoetatik igarotzen den energia guztia bero moduan galtzen da. Energiak lan erabilgarria egiteko gaitasuna galtzen duen prozesuari, entropia deitzen zaio.

Landareek, fotosintesiaren bidez, eguzkitik zuzenean lortzen dute energia. Animaliek, berriz, jaten duten elikagaietatik lortzen dute energia, dela landarea edo animalia. Arnasketaren bidez, landareek zein animaliek energia aprobetxatzen dute, baina horren zati bat bero moduan xahutzen dute, kanpoko ingurunera pasatzen dena. Beraz, ekosistema batean zehar, energia-fluxua norabide bakarrekoa da.

Mikroorganismo batzuek gatz mineral bihurtzen dute hildako materia organikoa. Gatzak autotrofoek erabiltzen dituzte, eta autotrofoak heterotrofoek jaten dituzte. Ondoren, organismo autotrofoak zein heterotrofoak hiltzen dira, eta haien aztarnak mikroorganismoek eraldatzen dituzte, zikloa berriro hasiz. Horrela, materiak ekosisteman zirkulatzen du, modu ziklikoan.

Erreferentziakaldatu

  1. Aldaba, J, Aseginolaza P. eta beste batzuk: Biologiaren hastapenak UBI, Elkar (1988), 456-457 orr. ISBN: 84-7529-602-5
  2. Post, D. M.; Pace, M. L.; Haristis, A. M. (2006) Parasites dominate food web links Proceedings of the National Academy of Sciences 103 (30): 11211-11216
  3. la cadena alimentaria Aitanatp.com
  4. Miller, K. (2004): Biologia. Massachusetts: Prentice Hall. pp. 72 orr.

Bibliografiaaldatu

  • "Food chain" A Dictionary of Zoology. Ed. Michael Allaby. Oxford University Press, 1999. Oxford Reference Online. Oxford University Press. University of Utah. 22 de noviembre de 2007

Ikus, gaineraaldatu

Kanpo estekakaldatu

  • (Gaztelaniaz) [1]